Donostia, 2016ko azaroaren 24a.
Imanol Lasa eta Peio Claverie gerente kideek Euskal Eurohiria Garatzeko Mugaz Gaindiko Agentziako kideei deitu zieten azaroaren 24ko urteko Batzar Nagusira. Gipuzkoako diputatu nagusi Markel Olanoren gidaritzapean, kide hauek parte hartu zuten: Claude Olive, Euskal Kostaldea-Aturri Aglomerazioko lehendakaria, Jose Antonio Santano, Irungo alkatea, eta Julen Mendoza, Errenteriako alkatea.
2015. urteko kontuak eta 2016ko aurrekontua onartzeaz gain, Eurohiriaren ordezkariek beste bi puntu hauek landu zituzten bileran:
- Euskal Eurohiriaren proiektuaren etorkizuna Iparraldeko erakundeen eraldaketaren testuinguruan. Claude Olivek, Euskal Kostaldea-Aturri Aglomerazioko lehendakariak, Euskal Herria Aglomerazio Erkidego berria (EPCI) sortzeko proiektua aurkeztu die Hegoaldeko politikariei; proiektu horrek Iparraldeko 10 mankomunitateak elkartuko ditu 2017ko urtarriletik aurrera, haien artean Eurohiriaren kide diren bi Aglomerazio hauek: Euskal Kostaldea-Aturri eta Euskal Herri Hegoaldea. Adierazi du EPCI berriak bere gain hartuko duela mugaz gaindiko eskuduntza, eta bere nahia dela orain arte Baiona-Donostia kostaldeko konurbazioan izan den lankidetza lanak jarraipena izatea. Iparraldean EPCI berria sortzeak benetako “lurrikara” eragin du erakunde esparruan, baina, aldi berean, aukera ona da Eurohiria modernizatzeko eta baita ere helburu komunak, antolaketa eta gobernantza egokitua berriro definitzeko. Orain itxaron behar dugu erakundeko lehendakari berria hautatua izan dadin eta zuzendaritza berria izendatua izan dadin.
Itxaron egoera berri honen aurrean, Imanol Lasa gerente kideak proposatu du abian jartzea “Hausnarketa forum” bat 2017ko lehen hiruhilekoan, tokiko eragileak, unibertsitateak, merkataritza ganberak, eta Lehiakortasunaren Euskal Institutua (Orkestra) elkartuko dituena, Eurohiriaren helburu komunak denon artean berriro definitzeko eta, horrela, Europako tamaina ertaineko hirien artean kokatzeko.
- 2015-2020 Euskal Eurohiriaren Jarduera Plan Estrategikoak azken proposamen operatiboa balidatzen du; proposamen horrek hogeita hamar proiektu inguru hartzen ditu, honako hauek besteak beste: euskara eta hirueletasuna sustatzeko politikaren garapena; kulturari lotutako programazioen koordinazioa; mugaz gaindiko mugikortasun jasangarria; unibertsitateen arteko kooperazioa eta titulazio komunen garapena; nazioarte mailako eskaintza turistiko bat elkarlanean abiaraztea; itsasoaren inguruko ekimen berritzaileak; kostaldea kudeatzeko eta klima aldaketara egokitzeko ekintza koordinatuak; eta mugaz gaindiko portu eta logistika alorreko eragileen elkar ezagutzaren hobekuntza.
Eurohiriko kideak bat etorri ziren proposamen horrekin; izan ere, beraien ustez, abiapuntu ona da lurraldeko ordezkari berriek Eurohiriaren ibilbide orria elkarren artean zehazteko 2017tik aurrera.