«Babes dezagun partekatzen dugun ondare naturala»
Baiona-Donostia Eurohiriak bere lurraldeko ondare naturala babestera zuzendutako REDVERT proiektua aurkeztuko du Irunen, ekainaren 5etik 7ra izango den BIOTERRA azokan. Ekologiari, bio-eraikuntzari, energia berriztagarriei eta kontsumo arduratsuari eskainitako ekimena aukera paregabea da publikoa gure biodibertsitatea babesteko beharraz jabearazteko.
Mugaz Gaindiko Agentziak abiarazi zuen REDVERT proiektua 2011n, eta Europako mugaz gaindiko lankidetza agentzia (POCTEFA) eta Akitania-Euskadi Euroeskualdea ditu babesle. Hona hemen Euskal Eurohiriaren Sare Berdea eta Urdina proiektuaren helburuak:
Mugen bi aldeetako lurraldearen funtzionamendu ekologikoa hobeto ezagutzea (faunak bizigune, elikagune eta ugaltzegune dituen biodibertsitatearen erreserbak, espezieen joan-etorriak, giza jarduerei loturiko oztopoak eta abar).
Estrategia bat eta ekintza-plan bat osatzea Euskal Eurohiriko taldeek bioaniztasuna zaintzeko helburuak hobe txerta ditzaten eginiko lurralde plangintzako proiektuetan.
Euskal Eurohiriko eragileei eta herritarrei mugaz gaindiko lurralde horretako kide direla jabetzen laguntzea beren natur ondarearen berri emanda.
Erakusketa bat aurkeztuko da asteburu honetan Irungo Ficoban egingo den BIOTERRA azokaren baitan, publiko zabala eta Euskal Eurohiriko biztanleak arazo horren gainean sentsibilizatzeko eta haiei Euskal Eurohiriaren Sare Berdearen eta Urdinaren berri emateko. Erakusketa geo-biologiari, bio-eraikuntzari, energia berriztagarriei eta kudeaketa ekologikoari eskainitako 1. pabilioian kokatuko da; Geobat pabilioian, hain zuzen.
Bederatzi panel didaktikoz osaturiko REDVERT proiektuari buruzko erakusketak Baiona-Donostia Euskal Eurohiriari, REDVERT proiektuaren helburuei, gure lurraldeko biodibertsitateari eta sare berde eta urdinei buruzko informazioa bilduko du.
Erakusketa okasio aparta da gure lurraldean bizi diren eta giza jarduerak direla-eta beren joan-etorriak egiteko zailtasunak dituzten bost animalia espezie sakon ezagutzeko: miru beltza, uhandre marmolairea, Pirinioetako desmana, muxar grisa eta izokina.
INFORMAZIO PRAKTIKOA
FICOBA
Gipuzkoako erakustazoka
Iparralde etorbidea, 43.
20302 Irun
Tel.: (0034) 943 66 77 88
2015eko ekainaren 5etik 7ra
Ordutegia:
Ostirala eta igandea: 10:00-20:00
Larunbata: 10:00-21:00
Doan
© 2010 | Eurociudad Vasca - Baiona San Sebastián
webgunearen mantentzea: NOVALDI