Euskal Euro Hiria   - Baiona Donostia

ortofoto
Estás en: Euskal Eurohiria  >> GAUR EGUN  >> berriak

berriak

13.02.2014

Estatutik kanpo ondasunak dituzten zergadunek haiei buruzko informazioa eman beharko diote Ogasunari, martxoaren 31 baino lehen


Estatutik kanpoko eskubideen berri ere eman beharko dira. Ondasun eta eskubide horien berri eman ezean isunak aurreikusi dira. Ogasunak kanpaina bat abiatu du herritarrak informatzeko. Edozein zalantza argitzeko: www.gipuzkoa.net/720 edo 902100040.

Errenta aitorpena edo Sozietate Zerga Gipuzkoan egiten duten zergapekoek Espainiako Estatutik kanpo dauzkaten ondasunez eta eskubideez derrigorrez informatu beharko dute, martxoaren 31 baino lehen. Batzar Nagusiek uztailean onartu zuten iruzurraren aurkako foru arauak jasotzen du betebehar hau.

Gipuzkoako zergapekoek honako ondasun eta eskubide hauek hau aitortu beharko dituzte, Espainiako estatutik kanpo baldin badituzte:

  • a) Finantza entitateetako kontuak
  • b) Baloreak, eskubideak, aseguruak eta errentak
  • c) Ondasun higiezinak edo haien gaineko egiazko eskubideak
  • d) Ondasun higigarriak edo haien gaineko eskubideak atzerrian badaude, estatutik kanpo matrikulatuta badaude edo hango erregistroetan badaude

a) b) eta c) blokeetan, 50.000 eurotik gorako ondasun eta eskubideen berri eman beharko da, bloke bakoitza bakarka hartuta. Ondasun higigarrien eta haien eskubideen kasuan, bakoitzaren bakarkako balioak 50.000 eurotik gorakoa izan beharko du. Mugak kalkulatzeko ondasunen balio osoa kontuan hartu behar da, partaidetza mailari erreparatu gabe.

Neurriak titular juridikoei, egiazko titularrei, baimenduei, ordezkariei, onuradunei eta erabiltzeko boterea dutenei eragingo die (lehen bi blokeei dagokionez).

Hurrengo urteetan ere aitorpena aurkeztu beharko da, blokeen saldo bateratuetako bat 20.000 eurotik gorakoa bada edota obligazioa desagertzen bada (bajak, eskualdaketak…).

Aurkezpena ez egiteak ondorioak izango dituela ohartarazi dute Ogasuneko arduradunek. Ogasunari ez bazaio informazio hori ematen, justifikatu gabeko ondare irabazitzat joko da ondasun edo eskubidea PFEZean eta Sozietate zergan. Hortik ateratzen den kuotaren %150 isuna ezarriko da.

Horrez gain, informazioa epez kanpo, osatu gabe, zehaztapenik gabe edo zehaztapenik edo faltsua arukeztuz gero, kopuru finkoko isun handiak aurreikusi ditu Ogasunak.

Neurriak ez die ahalmen ekonomiko handiko zergadunei eragingo bakarrik. Bizimodua edota lana estatutik kanpo egiten duten Gipuzkoarrei eragin liezaieke (langileak, artzainak, pilotariak, Europako Batasuneko funtzionarioak…), oporrak Espainiako estatutik kanpo pasatzen dutenei (oporretako etxebizitzen, eskiatzeko apartamentuen, mobil home-en… jabeak) estatutik kanpo familia dutenei (oinordetzan edo dohaintzan ondareren bat jaso dutenak, esaterako) eta beste estatu batetik Gipuzkoara bizi izatera etorri diren herritarrei.

Gipuzkoako Ogasunak kanpaina bat abiatu du ahalik eta herritar gehienak informatzeko asmoz. Iragarkia hedabideen bidez zabaltzeaz gain, esfortzu berezia egingo du jatorriz estatutik kanpokoak diren herritarrak informatzeko. Horretarako, eskutitzak igorriko ditu enbaxada eta kontsuletxeetara, migratzaileen elkarteei ere informazio helaraziko die eta mugaz gaindiko elkarteei obligazioaren berri emango die. Kanpoan bizi diren gipuzkoarrak informatzeko beste instituzio batzuekin jarriko da harremanetan.

Aitorpenak telematikoak izango dira. Sinadura elektroniko bidez egin daiteke, eta bestela Ogasunean tramitatzeko pasahitza eskatu daiteke. Laguntza programa baten bidez bete daiteke aitorpen telematikoa.

Informazio guztia www.gipuzkoa.net/720 helbidean dator. Era guztietara, Ogasuneko teknikariek herritarren edozein galdera erantzungo dute telefonoz (902100040) edo bestela www.gipuzkoa.net/gertubide helbidean galdera bat utzita.

 


© 2010 | Eurociudad Vasca - Baiona San Sebastián
webgunearen mantentzea: NOVALDI