Euskal Eurohiriko batzarrak Oarsoaldearen batzea onartu du gaur, Baionatik Donostiara doan hiri multzoan ez zegoen eskualdea bakarra. Eurohiria osatzen duten eskualdeetako arduradunek, San Markos Gotorlekuan bildurik, modu positiboan balioetsi dute Oarsoaldearen batzea. Ekitaldian, beste hainbat agintariren artean, ondorengoak izan dira: Martin Garitano diputatu nagusia, gaur egun Eurohiriaren lehendakariordea dena; Eurohiriaren ko-gerente diren Jean Grenet eta Jon Peli Uriguen; Hendaiako alkatea, Jean Baptiste Salaberry; Michel Hiriart, Biriatuko alkatea eta Sud-Pays Basque aglomerazioaren lehendakaria. Bertan izan dira Juan Karlos Izagirre Donostiako alkatea, Jose Antonio Santano Irungo alkatea, Julen Mendoza Errenteriako alkatea eta Ainhoa Zabalo Lezoko alkatesa eta Oarsoaldoako lehendakaria dena ere.
“Gaurkoa egun garrantzitsua da Euskal Eurohiria proiektu bateratuarentzako. Hutsune bat gelditzen zitzaigun, hutsune garrantzitsu bat, Oarsoaldea, eta orain jada komunitate honen partaide da” ohartarazi du batzarraren buru izan den Martin Garitano diputatu nagusiak.
“Oarsoaldeari zorionak eman behar zaizkio, talde honen gainontzeko kideek bere batzea Eurohirian gogoz txalotu baitute. Ikuspen handiagoa ematen dio. Eta, aldi berean, Eurohiriari zorionak eman behar zaizkio gauzak aurrera eramateko gogoz dagoen kide berri bat hartu duelako, guztion artean saiatzen ari garen, bateratutako eremu honen aldaketara batzeko gogoz” gehitu du Garitanok.
“Eurohiria orain hiriagoa eta indartsuagoa da, 70.000 biztanle berri gehitu ondoren. Jada 600.000 pertsona gara, eta horrek Europan ikuspena ematen digu, eta beste modu batetara gainditu ezin genituen erronkak gainditzen laguntzen digu. Erronkak mugikortasunaren eremuan, erronkak ingurumenaren eremuan, gizarte kohesioaren eremuan” ziurtatu du diputatu nagusiak.
Ildo berean, Jean Grenet jaunak, mugaz gaindiko Agentziaren gerentekide eta Kosta-Aturri Hiri Elkargoaren lehendakariak, “gaur Euskal Eurohiriarentzat erronka berria hasteko garaia dela” gogoratu zuen. Izan ere, guztira 600.000 biztanle izanda, Eurohiriak mugaz gaindiko metropoli izaerari eutsi behar dio, hau da, hiri eta ekonomia garapen estrategiak Europa guztian erakusteko gauza izango den mugaz gaindiko talde metropolitarra. Halaber, “harro” zegoela esan zuen, bere agintaldian lortu baizen Euskal Eurohiriaren hiri continuum-a osatzen duten udalerri guztiak elkartzea.
© 2010 | Eurociudad Vasca - Baiona San Sebastián
webgunearen mantentzea: NOVALDI