Udaberria iritsi dela ospatu zuten Oñatiko Zuazola Larraña eta Baionako Etxepare Lizeoko 45 ikasleek lehengo ostegunean eta ostiralean, Euskal Eurohiriko korridore ekologikoen gaia lantzeko elkartu zirenean.
Ostegunean oso egueraldi ederra izan zuten, eta, horri esker, Surfraider erakundeak antolatutako ozeano-ekimen batzuetan parte hartzeko aukera (Surfaider erakundeak itsasertza zaindu eta garbitu egiten du). Hendaiako hondartzaren garbiketan hartu zuten parte, eta kontzientziatzeko ikasbide bikaina izan zen ikasleentzat jaso zuten ondakin kopuru handia ikustea. Era guztietako plastikoak aurkitu zituzten, eta txundituta gelditu ziren ikusi zutenean zenbat eta zenbat kotoizko bastoi txiki aurkitzen diren, araztegietako iragazkietan sartzen baitira, komunetik bera bota ondoren.
Egun berean ere, Bidasoa ibaian Eurohiriko korridore ekologikoan barrena ibili ziren, kayak batean, eta Faisaien uhartearen ondotik pasa ziren.
Hendaiako Bellavista Aterpetetxean pasa zuten gaua.
Ostiralean, Plaiaundiko parke ekologikoa bisitatu zuten eta Eurohiriaren lurraldean hezeguneak –hegazti migratzaileentzat batez ere- zein garrantzitsuak diren ikusi zuten bertan.
Elkarrekin bi egun pasa ondoren, ikasle-trukean jarraituko dute lanean eta lanak bukatu ondoren, Euskal Eurohiriaren ingurumen egunean aurkeztuko dituzte egindakoak, maiatzaren 13an, Errenterian.
Informazio gehiago izateko, begiratu:elkartrukeak2013-2014.blogspot.fr
© 2010 | Eurociudad Vasca - Baiona San Sebastián
webgunearen mantentzea: NOVALDI